Nolakoa da saio bat
Trager saio batean kontaktu bidezko gorputz lanketa egiten da, ohatilan, aulkian zein lurrean, hartzailearen beharren arabera. Gainera, ahaleginik eskatzen ez duten mugimendu batzuk ikasten dira —Mentastics esaten zaie—, bakoitzak bere egunerokoan txerta ditzan era autonomoan. Mugimendu sortzaileok erabilita, areagotu egiten dira saioan esperimentatutako sentsazioak: mugikortasuna, malgutasuna, elastikotasuna, harmonia eta barne bakea.
Pertsona lasai-lasai kokatzen da, arropa erosoarekin, edo, nahiago izatera, barruko arroparekin. Kontaktu epel eta errespetuzkoaren bitartez, gorputzaren atal bakoitza bere erritmora kulunkatu eta haztatzen da. Ehunka mugimendu ondulatorio, luzatze eta dardara sotil gorputz osoan zabaltzen dira, eta bere barnean zein libre eta arin senti daitekeen transmititzen diote. Burua eta gihar sistema guztiz erlaxatzen dira, giltzadurak askeago mugitzen dira, arinago eta osoago; eta hala, gorputz osoa jartzen da mugimenduen dantzan.
Trager profesionalak egoera meditatibo eta irekian egiten du lan, senak gidaturik, gorputzean gertatzen diren aldaketa zoliak “aditzen” entrenatua baitago, gorputzak haren eskuetara igortzen dituen arintasun eta askatasun mezuei erantzunez, eta horiek pertsona hartzailearen inkontzienteari igorriz.
Trager metodoan erabilitako teknikak oso bestelakoak dira masaje eta fisioterapia tradizionaletan erabiltzen direnetatik. Teknika horietako batzuetan, profesionalak indartsuago eta sakonago egingo du lan ehunaren barnean, erresistentziaren bat aurkitzen duenean. Aldiz, Tragerren, tentsio, zurruntasun edo erresistentziaren bat aurkitzen duenean, profesionala ez da saiatuko aldaketa behartzen; leun-leun egingo du lanketa, barnetik gerta daitezen aldaketak.
Tragerra ez da masajea, mezua da. Mugimendu idealaren kualitateak (askatasuna, arintasuna, leuntasuna eta abar) igortzea da metodoaren giltza: mezua jasotakoan, ehunek erlaxazio handiz erantzuten dute eta mugimendu zabalago eta erosoagoekin eskaintzen dute.
Trager saio batean ez dira ez olioak ez lozioak erabiltzen. Amaitu ostean, saioaren eragin positiboek gorputzean irauten dute. Gutxienez, 3-5 saio egitea gomendatzen da, pertsona bakoitzaren prozesuaren jarraipena egin ahal izateko.
Sesio bakoitzaren prezioa (1h 30m): web guneko profesionalekin harremanetan jarri.